Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkartea

Sarbide Probako matrikula 2023

2022-12-21T13:35:00+01:00 2022-12-21T13:35:00+01:00 2022-12-21T13:35:00+01:00
Sarbide Probako matrikula 2023
HEZKUNTZA SAILA
5465

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 28koa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko 2023. urteko probetarako deialdia.

Sarbide proba_datak2023.jpg

https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2022/12/2205465e.pdf 

Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak heziketa-zikloetara sartzeko proba baterako deialdia egingo du gutxienez urtean behin.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko 2023. urteko probetarako deialdia egiten da, irakaskuntza horietara zuzenean sartzeko betekizun akademikoak betetzen ez dituztenentzat.

Plaza-kopuru hauek sartzen dira deialdian: erdi-mailako probarako, bostehun plaza, eta, goi-mailako probarako, mila plaza.

Erdi-mailako edo goi-mailako probetarako eskatzaileen kopurua txikiagoa bada dagokion kuporako iragarritako plaza-kopurua baino, soberakin hori erabili ahal izango da beste kupoan eskaera gehiegi egonez gero.

Ebazpen honetan aipatzen diren datak eta epeak egutegiari buruzko artikuluan ezarritakoak dira.

Ebazpen honetan aipatzen diren zerrendak Interneteko Ikasgune atarian eta izena emateko edo erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan kontsultatu ahal izango dituzte interesdunek.

Kontuan izan behar da interesdunei egiten zaizkien jakinarazpenak eskabidean adierazitako posta elektronikoetara edo telefono mugikorretara egingo direla.

2. artikulua.– Onartzeko lehentasun-irizpideak.

Eskaera-kopurua handiagoa bada deialdian jasotako plaza-kopurua baino, lehentasun-ordena ezarriko da, lehentasun-irizpide hauen arabera, adierazten den hurrenkeran honetan:

1.a Aurreko bi urteetako deialdietan Euskal Autonomia Erkidegoko sarrera-probaren zatiren bat gainditu izana, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 5. artikuluko 3. puntuaren arabera.

2.a Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Hezkuntza Sailak proba hauek kudeatzeko erabiltzen dituen informazio-sistemetan ageri dena hartuko da kontuan, edo eransten den erroldatze-ziurtagirikoa (ikusi Dokumentazioari buruzko artikulua); horretarako, sistema horietan eguneratu beharko da.

3.a Ordena alfabetikoa, abizenen eta izenaren arabera. Ordena hori «G» letratik hasiko da, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2021eko urriaren 14ko Ebazpenean zehaztutakoaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara ematen da 2022-2023 ikasturtean ordezkapenetarako hautagaiak kudeatzeko prozesuan –bai eta ikasturte horretan zehar iragarritako beste edozein hautaketa-prozesutan ere– ordena alfabetikoa zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza.

3. artikulua.– Izen-emateak eta informazioa.

1.– Proba horiek egiteko eta, hala badagokio, dagozkien salbuespenak lortzeko (bai proben atalenak, bai prezio publikoarenak), interesdunek izena emateko aldian izena eman beharko dute eta salbuespenak eskatu, kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa erantsita.

2.– Honako bi era hauetako batean aurkeztuko dira eskabideak:

• Izena emateko ikastetxeetan (eranskinean zehazten dira).

Sarbide proba_ikastetxe_2023.jpg

• Online, Ikasgunea atariaren bitartez (https://ikasgunea.euskadi.eus).

3.– Probak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira, eta nahitaezkoa izango da bietako bat aukeratzea, izena emateko unean.

4.– Izena emateko unean egiaztatuko da interesdunak erabiltzaile eta pasahitz baliozkoak dituela Ikasgunea atarian, eta, halakorik ezean, une horretan bertan eskuratu ahal izango ditu.

5.– Eranskinean jasotako inskripzio-ikastetxeek honako hauei buruzko informazioa emango diete interesdunei: sartzeko baldintzak, salbuespen-eskaerak, prozesuaren datak, proben edukia eta proba horiekin lotutako gainerako informazioa.

6.– Ikasturte berean, pertsona batek ezin izango du sarrera-probetarako izena eman autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori betetzen ez bada, inskripzioa baliogabetu egingo da. Betekizun hori betetzen dela azaltzen duen zinpeko adierazpena jasoko da matrikula eskatzeko dokumentuan.

4. artikulua.– Dokumentazioa.

Izena emateko epea amaitu aurretik aurkeztu beharko dituzte interesdunek egokitzat jotzen dituzten agiri guztiak.

Jarraian adierazten diren agirietatik nahitaezko bakarra nortasuna egiaztatzeari buruzkoa da. Gainerakoak hautazkoak dira, eta ez aurkezteak edo oker aurkezteak ez du berez ekarriko proba hauetatik baztertuta geratzea.

Dokumentazio motak:

• Nortasuna egiaztatzea: eskabidea egiteko, beharrezkoa da nortasuna egiaztatzea (NAN, AIZ, AIT edo pasaporte bidez). Sistemak identifikazio-datuak automatikoki baliozkotzen ez baditu, nortasun-egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da. Halakoetan, izena emateko ikastetxeetako idazkaritzek aztertuko dute aurkeztutako dokumentazioa baliozkoa den al ez.

• Erroldatze-ziurtagiria edo -agiria, gehienez ere 3 hilabete lehenago egina, izena emateko epearen hasiera-eguna baino. Hezkuntza Sailaren informazio-sistemetan, sarbide-proba hauei dagokienez, helbidea eguneratuta ez badago, edo helbiderik agertzen ez bada, erroldatze-ziurtagiri edo -agiri eguneratua aurkeztu beharko da, eta ez aurkezteak ondorioak izango ditu lehentasun-prozesuan, baina ez du inola ere ekarriko probetatik baztertzea.

• Tasei nahiz azterketa-atalei dagokienez eskatutako salbuespenak justifikatzeko dokumentazioa: aurkeztu ezean, edo behar bezala aurkeztu ezean, prezio publiko orokorra ordaindu beharko da eta/edo ez da geratuko salbuetsita dagozkion azterketa-ataletatik, baina ez du ekarriko probetatik baztertzea.

5. artikulua.– Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrendak eta salbuespenen zerrenda.

Izena emateko epea amaitu ondoren, eta parte hartzeko eskaerak eta prezio publikoetatik eta proben atal batzuetatik salbuesteko eskaerak aztertu ondoren, honako zerrenda hauek argitaratuko dira:

• Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

• Proben ataletarako salbuespenen behin-behineko zerrenda.

Ondoren, zerrenda horiei erreklamazioak egiteko epea irekiko da, bai izena emateko ikastetxeen idazkaritzan, bai Ikasgunearen bidez. Epea horretan, aukera egongo da aurkeztutako agiriak zuzentzeko, baina ezingo da agiri berririk aurkeztu.

Erreklamazioak aztertu ondoren, honako hauek argitaratuko dira:

• Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

• Proben ataletarako salbuespenen behin betiko zerrenda.

6. artikulua.– Sarbide-proben eskubideak ordaintzea.

Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, probak egiteko eskubideak ordaindu beharko dira. Matrikulak balioa izan dezan, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko da.

Ordaintzetik erabat salbuetsita dauden pertsonek, matrikulazio-prozesua amaitzeko eta sarbide-probak egin ahal izateko, ez dute inolako ordainketarik egin behar, baina ordainketa-gutuna sortu beharko dute, matrikula amaituta gera dadin.

Inskripzio-frogagirian agertzen den web-helbidean (URL) edo inskripzio-ikastetxeko idazkaritzan eskuratu beharko da ordainketa-gutuna.

Hezkuntza-arloan eskumena duen saileko sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 6. artikuluaren arabera, –horren bidez, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dira–:

• Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko probarako aplikatu beharreko prezio publikoa 18 eurokoa izango da.

• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu betegina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan.

• Prezio publikoaren salbuespenak eta hobariak:

– Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugarietako kide diren interesdunek.

– Lanbide Hastapeneko bigarren maila batetik datozen interesdunak erabat salbuetsita egongo dira prezio publikotik.

– Prezio publikotik erabat salbuetsita egongo dira, halaber, kategoria bereziko familia ugarietako kide diren interesdunak, genero-indarkeriaren biktimak eta haien seme-alabak (25 urtetik beherakoak badira eta haiekin eta haien kargura bizi badira), bai eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako kasuetan daudenak ere.

7. artikulua.– Ikastetxea berresleitzea.

Azterketa-eskubideak ordaindu ondoren, ikastetxe bakoitzean matrikulatutako pertsona-kopuruaren arabera, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak berresleipenak egin ahal izango ditu ikastetxeen artean. Berresleitutako interesdunen espedienteak berresleitzearen ondorioz dagokien ikastetxeetara bidaliko dira. Inskripzioa egin den ikastetxea arduratuko da esleitutako ikastetxe berrira lekualdatzeaz.

Jarraian, ordainketa egin ondoren onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da, dagokion egunean, eta, zerrenda horretan, pertsona bakoitzari probak egiteko esleitu zaion ikastetxea adieraziko da. Une horretatik aurrera, ikastetxe hori izango da proba horiek egiteko erreferentziazko zentroa.

8. artikulua.– Argitaratzeko eta kontsultatzeko tokiak.

Prozesuaren faseen jarraipena interesdunek egingo dute, Ikasgunerako sarbide pertsonalaren bidez; horrez gain, izena emateko edo erreferentziazko ikastetxearen idazkaritzan ere kontsultatu ahal izango da, hala badagokio.

Prozesuari buruzko informazio orokorra Lanbide Heziketako web-orrian eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/informacion/pruebas-de-acceso-a-ciclos-formativos/web01-a2hlanhz/es

9. artikulua.– Probak egitea.

1.– Probak non egingo diren:

Ordaindu ondoren onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan pertsona bakoitzari esleitu zaion ikastetxean egingo dira probak.

Probak egingo diren ikastetxeetako zuzendaritzen ardura izango da tokiak antolatzea eta proben antolaketa ikuskatuko dituzten langileak zein izango diren zehaztea. Halaber, ikastetxe horietako idazkaritzek proben kalifikazio-aktak zainduko dituzte.

Probei buruzko gainerako agiriak, deialdi bakoitzari dagozkion ariketak barnean direla, aplikatu beharreko araudiaren arabera gordeko dira.

2.– Probak prestatzea eta ebaluatzea.

Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2. artikuluaren arabera:

• Probak eta ebaluazio-irizpideak komunak izango dira ikasle guztientzat, eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak zehaztuko ditu.

• Ebaluazio-batzordeak eratuko dira probak egingo diren ikastetxe publikoetan.

• Hezkuntza Ikuskaritzak egingo ditu prozesuaren gaineko ikuskaritza- eta aholkularitza-lanak.

10. artikulua.– Probaren emaitzak eta erreklamazioak.

Adierazitako egunean argitaratuko dira behin-behineko emaitzak. Une horretatik aurrera, erreklamazioak egin ahal izateko epea irekiko da, eta azterketa egin den ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu beharko dira.

Erreklamazioak aztertu ondoren, adierazitako egunean argitaratuko dira proben behin betiko emaitzak.

11. artikulua.– Proben ziurtagiria.

Proba osoa gainditu dutenek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute, adierazitako egunetik aurrera. Horretarako, Ikasgunea atarian sartu beharko dute, edo erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan jaso.