Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkartea

Lanbide Heziketarako Eredu Konbinatua

1.- Lanbide Heziketako Berrikuntza

 

A) Teknologia

- Tkguneak. Ingurune estrategikoak

LHko ikastetxeek osatutako sarea da. Enpresen eta, batez ere, ETE-en eta mikroenpresen eskura uzten ditu bere azpiegitura eta ezagutza metatu osoa, haien lehiakortasuna handitzeko ezinbestekoa duten berrikuntza garatzen laguntzeko.

TKGUNE bat abian jartzeko, bi baldintza hauek bete behar dira:

1. Produkzio-ingurunearen benetako eskaria egotea.

2. Ikastetxeek ezagutza eta esperientzia frogatzea eskatutako arloetan.

 

Gaur egun, TKguneak bost Ingurune Estrategikoren inguruan egituratzen dira, honako arlo teknologiko hauek hartzeko: Automatizazioa, Energia, Automozioa, Fabrikazioa eta Sorkuntza-industriak.

Gehiago jakiteko: www.tkgune.eus

 

-Espezializazio-arloak

Arlo horietan:

1. Gure produkzio-ingurunearen eskaria ez da aurreko atalean bezain handia.

2. Ikastetxeek sakonago landu behar dituzte arlo horiek, ingurune estrategikotzat katalogatu diren arloetan frogatutako ezagutzaren eta esperientziaren antzeko maila lortzeko.

Une honetan, honako arlo hauek lantzen ari gara:

1-Ingurune birtualak

2-Smart Cities

3-Fabrikazio gehigarria, 3D inprimagailuak erabiliz. 14 ikastetxe gehiago

4-Material berriak (zuntza, zura, TKNIMEAL eta animalien kolagenoa)

5-Bioteknologiak (BIOTKNIFISH)

6-Eraikuntza adimenduna

7-Mugikortasun iraunkorra automozioan

8-Fabrikazio gehigarri metalikoa

9-Papereko nanoteknologia

10-Dronen erabilerak

11-Biomedikuntza

12-Ospitaleko arreta

13-Elektromedikuntza

14-Robotika industriala

 

B) Metodologia-arloa

-ETHAZI programa (Errendimendu handiko zikloak)

Beste modu batera egiten da ikasgelako lana: erabiltzen diren metodologia eta tresnei esker, ikaslea bere ikasketa-prozesuaren benetako protagonista bihurtzen da. Gaitasun teknikoak ez ezik, zeharkako gaitasunak ere eskuratzea da programaren helburua, ikasleak garapen profesionala, pertsonala eta soziala izan dezan.

Zeharkako konpetentzia estrategiko horiek (talde-lana, ardurak barneratzeko gaitasuna, konpromisoa, etengabeko aldaketarako prestakuntza, erabakiak hartzea...) gaur egungo gizarteko enpresa eta erakundeen beharrizanei erantzuteko egituratu dira.

Horretarako, beste era batera lantzen dira irakasgaiak, ordutegiak, ikasgelako arkitektura eta abar, betiere eszenario berrirako bidea errazteko asmoz.

Lanbide Heziketako ikastetxeek ikaskuntza-prozesu horretarako aldaketa-bidean murgilduta eman dituzte azken urteak, eta gaur egun agerikoa da geroz eta gehiago direla erronketan oinarritutako metodologia erabiltzen duten irakasle, ikasle eta zikloak.

2013-14 ikasturtean 5 ikastetxe izan ziren, ziklo banarekin proba pilotu gisa, eta 2015-16 ikasturtean 91 ziklo, 30 ikastetxe eta 965 irakasle ari dira ildo hori lantzen.

 

2.- Ekintzailetza

 

A) Ikasenpresa programa

IKASENPRESA "ikasteko ekin" hezkuntza-programa curriculumean lantzen da, batez ere Enpresa eta Ekimen Sortzailea (EES) moduluan. Ikasgelan enpresa bat sortzeko proiektua lantzen da, ikasleek enpresa bat hasieratik bertatik nola kudeatu ikasi eta praktikatzeko. Ikasleek ekinez ikasten dute eta, hori horrela, ezagutza teknikoak barneratzen dituzte, lan-merkatura hurbiltzen dira eta zeharkako konpetentziak ikasten dituzte; adibidez, talde-lana, plangintza, erabakiak hartzea, arazoak konpontzea, ikasketa autonomoa...

Ezaugarriak eta helburuak:

-Ekimen sortzaileari lotutako gaitasunak aitortu, baloratu eta garatzea.

-Enpresa txikia sortzeko aukera izatea: enpresa-ideia hautatu, bideragarritasuna ziurtatuko duen merkatu-azterketa egin, jarduera-ingurunean izango duen inpaktua baloratu eta balio etikoak erabiltzea.

-Enpresa-plana prestatzeko jarduerak egitea, ondoren enpresa eratu eta abian jartzeko; forma juridikoa hautatu eta legez lotutako betebeharrak identifikatzea.

-ETE bati lotutako oinarrizko administrazio- eta finantza-kudeaketa egitea, kontabilitate- eta zerga-betebehar nagusiak identifikatzea eta behar den dokumentazio guztia betetzea.

-Autonomia pertsonalari, lidergoari, berrikuntzari eta abarrari lotutako konpetentziak garatzea.

Datu bat ematearren, 2015-16 ikasturtean 53 ikastetxe, 132 irakasle eta 3.000 ikasle ari dira jardun horretan, eta 421 enpresa sortu dituzte guztira.

 

B) Urratsbat programa

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Zuzendaritzak sustatutako programa da, eta LHko ikasleei euren enpresa sortzen laguntzea du helburu.

Proiektu horren bidez, Lanbide Heziketako ikastetxeen baliabide guztiak, giza baliabideak nahiz teknikoak, erabili nahi dira enpresa-proiektuak sortu eta abian jartzeko.

Azken buruan, ikastetxeak enpresa-ekimena sustatzeko kimu bihurraraztea da programaren helburua: horretarako, tutoretzan (bideragarritasun-azterketa, kokalekua, behar diren baliabideak...) nahiz aholkularitzan teknikoan esku hartzen du.

Nori zuzentzen zaio programa?

-Erdi- eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei.

-Ikastetxeko ikasle ohiei.

-Arautu gabeko prestakuntza-ikastaroen bidez nahiz bertaratu gabeko prestakuntzaren bidez ikastetxearekin harremana duen edozein pertsonari.

Nola jorratzen da proiektua?

-Hasierako sentsibilizazioa: kultura ekintzaileari buruzko informazio-hitzaldiak bigarren mailako ikasleentzat.

-Autoenpleguko oinarrizko ikastaroa: hasierako sentsibilizazioaren ondoren prestakuntzarekin jarraitu nahi duten ikasleei zuzenduta. Oinarrizko bideragarritasun-planak egingo dira, aurkeztutako proiektuetan oinarrituta.

-Autoenpleguko ikastaro aurreratua: hasierako proiektua garatu eta enpresa sortu nahi duten pertsonei zuzenduta. Bideragarritasun-azterketak prestatu eta analizatuko dira.

-Enpresa abian jartzea: bideragarritzat jotzen diren ideietarako tutoretza eta aholkularitza. Finantzaketa, egitura juridikoa eta dirulaguntzak.

-Enpresaren jarraipena: proiektuaren tutoretza enpresa abian jarri osteko hilabeteetan. Zehaztutako helburuak bete direla egiaztatu eta sortutako zalantzak argitzea.

Zer eskainiko dizu ikastetxeak?

-Arduradun bat sustatzailearen zerbitzuan prozesuak dirauen bitartean.

-Behar bezala hornitutako ekintzailearen bulegoa ikastetxean, enpresa sortzeko lana bertan egiteko.

-Enpresa abian jartzeko fasean, ikastetxeko lantegiak, instalazioak eta ekipamendua erabiltzeko aukera (posible bada eta eskolen garapen normala oztopatzen ez badu).

-Ikastetxearekin batera aritzen den enpresa-munduko erakunde baten kanpo-aholkularitza, enpresa berria sortzeko prozesuan nahiz ondorengoko jarraipenean.

Datuak ematearren, 2015-16 ikasturtean 216proiektu landu dira 57 ikastetxetan, eta 35 enpresa sortu dira horiei esker. Proiektua abian jarri zenetik aurrera 519 enpresa sortu dira guztira, %72ko biziraupenarekin.

 

3.- Prestakuntza

 

A) Lantokiko Prestakuntza modulua (Enpresan egiten den nahitaezko praktika-aldia hasierako LHn, urruneko partzialean eta profesionaltasun-ziurtagirian)

Modulu horrek 80 orduko iraupena du profesionaltasun-ziurtagirian eta 380 ordukoa zikloetan, honako helburu nagusi honekin: ikasleak enpresako eguneroko funtzionamendua ezagutzea eta, lanbidean tutoretzapean jardunez, tituluan zehaztutako ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratzea.

Ildo beretik, horri esker, enpresaren eta ikastetxearen arteko hurbilpen handiagoa sortzen da eta, ondorioz, edukiak hobeki egokitzea ahalbidetzen du.

 

B) Ikas-ekinezko LH duala

Heziketa-programa horri esker, ikasleek ikastetxeko eta enpresako prestakuntzak bateratzen dituzte. Heziketa-ziklo bakoitzeko konpetentzia teknikoak eta zeharkako konpetentziak (talde-lana, ekimena, ardurak hartzea...) barneratzeaz gain, ikasleek euren heziketa-zikloari dagokion lanbide-alorreko produkzio-esparrua hobeki ezagutzea ere lortzen dute.

Zikloko lehen maila oso-osorik ikastetxean egiten da, eta ekainean enpresako egonaldia hasten da, prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratu batekin edota urtebeteko bekarekin. Eskolako bigarren mailan, enpresako eta ikastetxeko egonaldiak tartekatu egiten dira.

2015-16 ikasturtean, 781 ikaslen egon dira 473 enpresatan.

 Informazio gehiago (Hezkuntza web orria)

LH DUALEKO LABURPEN GIDA (FP Euskadi-Hezkuntza web orria)

 

C) Espezializazio-programak

3 urtean eta enpresarekin lotura estuan egiten diren ziklo espezializatuak dira. Euskadiko enpresen eta ekoizpen-sekotreen kualifikazio bereziko beharrizanak betetzera bideratuta daude, batez ere industriaren esparruan. Ekoizpen-sektore jakinek eskatzen dituzten ezagutzak eta lanbide-konpetentziak sakondu eta zabaltzea dute helburu; aldi berean, baina, lanbide-heziketako erreferentziako tituluak zehaztutako konpetentziak ere finkatzen dira.

Enpresak berak edo enpresa talde batek espezializazio-maila handiago duten profesional bat eskatu eta, ondoren, hura prestatzen ere laguntzen dute, enpresaren eta ikastetxearen arteko 3 urteko heziketa-programa dualaren bidez.

Gaur egun honako hauek daude onartuta:

-Energia elektrikoa banatzeko instalazioen operazio eta mantentze integrala.

-Dronekin egindako operazioak, lurraldea, eraikinak eta azpiegiturak aztertzeko.

-Diseinu- eta fabrikazio-prozesuan dagoen produktu baten bizitza-zikloa.

-Forja-prozesuen diseinua eta ekoizpena.

-Industria oso automatizatuan ekoizpen-bitartekoen kudeaketa.

-Txapa metalikoko piezak lortzeko trokelen diseinua eta fabrikazioa.

-Abiadura handirako eta errendimendu handirako material berezien mekanizatu aurreratua.

 

4.- Internazionalizazioa

 

A) Lantokiko Prestakuntza modulua (Enpresan egiten den nahitaezko praktika-aldia hasierako LHn, partzialean eta urrunekoan)

Europako enpresetan, Erasmus+ programaren bidez.

Azken ikasturte honetan, Ikaslaneko ikastetxeetako 500 ikasle inguruk izan dute Europako 22 herrialdetan praktikak egiteko aukera.

Erasmus Plus bekei esker, ikasleak hiru hilabeteko praktikak egiten ditu bere espezializazioko enpresetan, helmugako herrialdeko hizkuntzari buruzko prestakuntza ere barnean sartuta.

 

B) Gazteak Atzerrian eta Global Training programak

Mundu osoko herrialdeetan gutxienenz 6 hilabeteko praktikak egiteko programak dira. Horretarako, beka ematen zaio goi-mailako zikloko titulazioa eta ingeleseko B2 maila dituen pertsonari.

Une honetan 54 gazte ari dira programa hori egiten, munduko 24 herrialdeetan.

Normalean, eskaera ekaina eta uztaila bitartean egiten da. Oinarriak gure webgunean jartzen ditugu.