Hezkuntza Sailak hezkuntza zientifiko-teknologikoko euskal jardunbiderik onenen II. Steam Euskadi Sariak banatu ditu
STEAM Euskadi 2. Saria Ikaslan Gipuzkua-Huhezi-Vicomtech, STEMotiv proiektuari eman diote. Proiektu honetan zuzenean parte hartu dute ikaatetxe hauetako ikasleak eta irakasleak, STEAM arloen inguruan bideoak eginez. Zorionak ekipo guztiari eta mila esker:
Easo Politeknikoa LHII, Oñati BHI, Zumaia BHI, Zubiri-Manteo BHI, Usurbil LHII, Fraisoro LHII, Mutriku BHI eta TKNIKA
Iturria Hasiera ·Berriak ·Hezkuntza Sailak hezkuntza zientifiko…
- Sarien bigarren edizioan, honako hauek sustatutako proiektuak saritu dira: Barrutiako (Bizkaia) Barrutialde BHIak; Emakumeak Zientzian ekimenak; Loiuko (Bizkaia) Andres de Urdaneta ikastetxeak; eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateak, Ikaslan Gipuzkoak eta Vicomtechk sustatutako proiektuek
- Guztira, 137 ekimen aurkeztu dira zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteei eta giza zientziei lotuta– bultzatzen dituzten eta Eusko Jaurlaritzak Innobasque - Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan antolatzen dituen sari hauetan.
- Aurkeztutako ekimen guztien artean, 88k lortu dute STEAM Euskadi zigilua, STEAM Hezkuntzaren izaera nabaria aitortzen duena.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euskadin STEAM Hezkuntza sustatzeko egiten ari diren jardunbiderik onenak saritzen eta agerian jartzen dituzten II. STEAM Euskadi Sariak banatu ditu gaur. Sariak Hezkuntza Sailaren STEAM Estrategiaren barruan kokatuta daude, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteei eta giza zientziei lotuta– bultzatzea dute helburu. STEAM honako honen ingelesezko akronimoa da: Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics.
Sailburuarekin batera, Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisek eta Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok hartu dute parte ekitaldian. Berrikuntzaren Euskal Agentziatik berriz, Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusi Alaitz Landaluzek hartu du parte.
Sariak banatzeko ekitaldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak aurten sariketara aurkeztu den ekimen kopuru handia txalotu du (137), eta ekimen hau bere baitan hartzen duen STEAM Euskadi Estrategia bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Hezkuntza Sailak sustatzen duen estrategia hori hizpide hartuta, sailburuak gogorarazi du honek azpimarra berezia egiten duela ikasle nesken artean, edozein hezkuntza-mailatan egonik ere ikasten. “STEAM Estrategiaren helburua da ikasle guztiak diziplina zientifiko-teknologikoetara hurbiltzea, horiei beldurra galdu eta gustura senti daitezela bertan. Eta bereziki neskak, eduki horiekin lotura duten unibertsitate ikasketak edo Lanbide Heziketakoak egin ahal izan ditzaten”.
Bildarratzek aurten aurkeztutako proiektuen kalitatea eta maila ere aipatu ditu, eta bereziki lehiaketako bi kategorietako irabazleena, horiek euren lanak aurkeztu ondoren. Sailburuaren hitzetan, hezkuntzan maiz gertatzen denez, gakoa ez dago hainbeste ikasgaien edukietan, baizik eta ikasgaiak irakasteko moduan eta eduki horiek ikasleengana hurbiltzeko hautatzen diren bideetan.
Saritutako ekimenak
Sarietarako deialdia Hezkuntza Sailak egiten du Innobasque - Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. Sarietan, bi kategoria daude: Lehen kategorian, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan egiten diren STEAM Hezkuntzako ekimen berritzaileak saritzen dira, eta bigarren kategoria, berriz, beste entitate mota batzuetatik (hala nola unibertsitateetatik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileengandik eta elkarteetatik) iritsitako proposamenei lotuta dago. Kategoria bakoitzean, 3.000 euroko lehen saria, 2.000 euroko bigarren saria eta genero-ikuspegiaren aipamen berezia (1.000 eurokoa) daude. Kasu guztietan, sarien zuzkidura STEAM ekintzetara bideratu beharko da. Honako hauek saritu dira:
Ikastetxe batek sustatutako ekimenik berritzaileena:
LEHEN SARIA
Proiektua: Gorputzaren indarra erabiliz gailuak kargatzeko sistema
Ikastetxea: IES Barrutialde BHI (Barrutia, Bizkaia)
Barrutialde Bigarren Hezkuntzako Institutuko DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek elkarrekin parte hartu dute proiektu honetan. Proiektuak gure gorputzaren mugimenduak (bizikleta baten pedalei eraginez) gailu elektronikoen bateria kargatzeko adina energia nola sor dezakeen ikertzen du. Proiektuaren garapenean, fisika, estatistika eta teknologiako ezagutzak eta bizikletak egokitzeko industria-diseinuko eta arotzeriako beste ezagutza batzuk uztartu dira. Ekimen honek GENERO-IKUSPEGIAREN AIPAMENA ere lortu du KATEGORIA HONETAN.
BIGARREN SARIA
Proiektua: Txiki STEAM Urdaneta
Ikastetxea: Andrés de Urdaneta ikastetxea (Loiu, Bizkaia)
Andres de Urdaneta ikastetxeko 3-5 urteko ikasleek jolas moduan eta beren adinerako modu egokian robotikara, teknologiara, matematikara, ingeniaritzara edo ingurumenaren zaintzara hurbiltzen dituzten hainbat jarduera egin dituzte.
Gainerako entitateek sustatutako ekimenik berritzaileena:
LEHEN SARIA
Proiektua: Emakumeak zientzian
Entitatea: Emakumeak zientzian ekimenarenbaitako 17 zentro
Emakumeak zientzian proiektuan, zientziaren eta teknologiaren esparruko 17 entitatek hartu dute parte, eta lankidetzan aritu dira hainbat kolektibo (Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleak, irakasleak, familiak eta 55 urtetik gorako emakumeak) emakumeek zientzian betetzen duten zereginaren inguruan kontzientziatzeko jarduerak garatzen.
Ekimen honek GENERO-IKUSPEGIAREN AIPAMENA ere lortu du KATEGORIA HONETAN.
BIGARREN SARIA
Proiektua: STEMotiv
Ikastetxea: Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea,
Mondragon Unibertsitatea
‘STEMotiv: Adimen artifiziala eta datu adimenaren bidez ikasleen STEM motibazioa piztu, Gipuzkoako ehun enpresarial zientifiko-teknologikoa indartzeko tresna’ ekimenak ikasleek euskaraz dauden STEM lanbide, proiektu eta dinamiken inguruan duten pertzepzioa aztertzen du, ikaskuntza automatikoko tresnen eta estatistiken bidez.
STEAM Euskadi Sarietako epaimahaia enpresa-inguruneko eta ingurune akademiko, zientifiko eta teknologikoko zortzi profesional adituz osatuta dago, eta zortzi finalistaren lana ere aitortu du ikastetxeek, unibertsitateek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek eta elkarteek bigarren edizio honetan aurkeztutako 137 hautagaitzaren artean. Honako hauek dira:
Ikastetxe batek sustatutako ekimenik berritzaileenaren kategorian
- Análisis de la conducta alimentaria del alumnado, JM Ikastetxea Bidaide Fundazioa (Bilbo)
- Zu Bbai makina!, Maristak Bilbao (Bilbo)
- Heal the world!, NC Learning Investigation Center (NCLIC School), Gasteiz
- UKSTEAM, Uribe-Kosta BHI (Plentzia)
Gainerako entitateek sustatutako ekimenik berritzaileenaren kategorian
- IT24, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniaritzaren Elkartea
- Embryo, Ikastolen Elkartea
- FP/PARKE – Formación Profesional en empresas tecnológicas, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa
- Un reto por la ciencia, SENER Ingeniaritza eta Sistemak
STEAM Euskadi zigilua
Lehiaketan parte hartu duten 137 hautagaitzen artean, 88k lortu dute STEAM Euskadi zigilua. Bereizgarri horrek STEAM hezkuntzaren izaera nabaria duten ekimenak saritzen ditu, hau da, STEAM asmo profesionalak eta bokazio zientifikoak sustatzeko eta ikasleen STEAM trebakuntza hobetzeko helburua duten ekimenak. Guztiak STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean (www.steam.euskadi.eus) jasoko dira, inspirazio-iturri izango diren STEAM hezkuntza-ekimen gisa.
STEAM Euskadi Sariek agerikotasuna ematen diete euskal ikasleen trebakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzen duten ekimenei, eta lortutako inpaktua, berrikuntza-maila eta emakume ikasleak diziplina hauetara erakartzeko gaitasuna hartzen dituzte kontuan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Euskadi Estrategia izenekoaren barruan kokatuta daude, eta Euskadiko garapen ekonomikoa eta soziala ziurtatzeko elementuak dira.